Ke gabeko surik ez dago

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2016ko urt. 18a, 16:07

Agur. "Ke gabeko surik ez dago". Halakoxea da atsotitza, eta nik gauza bera pentsatu nuen aurreko egunean. Izan ere, nire lagun bat haserre plantak egiten ari zen Nafarroako funtzionarioek zor zietena kobratuko dutela jakitean.

Ez nintzen harritu, nire lagun horrek beti duelakoz hitzen bat administrazio publikoetako langileak kritikatzeko. Informazio bat irakurriz, jakinarazi zidan Nafarroako Gobernuak 1176 milioi gastatuko dituela funtzionarioen soldatak ordaintzeko. Laguna sutan zegoen herrialdeko administrazioak langile publikoekin zituen zorrak berehala kitatuko baititu.

Neronek laguna animatu nuen bertzelako informazioak bilatzen Nafarroako ondasunaz. Berehala aurkitu genuen internet-en Nafarroak urtean 8.000 milioi euro jasotzen dituela zergetan. Kontuan izanik enpresa handiei erraztasunak ematen zaizkiela, ondorioztatu genuen Nafarroak zergetan hagitzez ere gehiago jasotzeko ahalmena duela.

Datuak alderatu ondoren, lagunari azaldu nion komunikabide batzuek interes handia dutela langile klase guztiak kontrajartzen. Egia da desberdintasun handiak daudela langileen artean, baina zuhurrak izan behar gara: hagitzez ere dirutza handiagoak dira beltzean joaten direnak ogasunari iruzur eginez, hots, guztion kaltetan.

Halere, komunikabide batzuek ez dituzte horrelakoak argitaratzen, ez; nahiago dute publikatzea funtzionarioei dagokiena bertze langile klase batzuk haserretzeko. Kea saltzen digute sua izkutatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!