Agur. Azken urteotan hamaika guda ezagutu dugu; Balkanetan hasi, Afrikan segi eta Asiako zeinahi herrialdetan pairatu izan dugu gerra. Joan den astean, gainera, Libanon sekulako sarraskia izan zen. Egunotan, ordea, Europaren bihotzean sufritu dugu bortizkeriaren atzaparkada; izugarria.Frantziako agintariei aditu diegu hitza: gerran omen gaude. Orain, hala omen... Ez al dira konturatu mundua etengabeko gerran ari dela? Ez da izanen mendebaldeko herrialde batek pairatzen duelarik sumatzen dutela gerran gaudela? Ez al zen gerrako ekintza aurreko astean Libanon gertatu zena? Ez al da gerra egunero Sirian gertatzen dena? Gerran gara; bai, egunero, etengabe.Halere, gerra ekintza hauek ez dira gizakiak gizakiaren kontra egiten dituen jardun ikaragarri bakarrak. Egunero hiltzen da gosez hamaika pertsona haien inguruko baliabide gehienak nazioarteko korporazio boteretsuek ebatsi eta eramaten baitituzte. Eta korporazio horietako batzuk Frantziakoak, Europakoak eta Estatu Batuetakoak dira.Korporazio horiek eta estatuotako agintarietan dituzten txotxongiloek badakite gerran gaudela; haiek eragin eta segitu dituzte gerra isil eta lazgarri horiek "kapitalismoaren" izenean.Duela urte batzuk Kubatik Miamira itsasoa zeharkatzen zuen txaluparen irudiaz "sozialismoaren porrotaz" hitz egiten ziguten; gaur egun, ordea, itsasoak "pateraz" beteak daude eta ez dute hitz egiten kapitalismoaren porrotaz. Beharbada, hainbertze miseria soilik kapitalismoaren arrakastaren ondorio izanen baita.Gerran gaude, bai, baina ez haiek horrela iragartzen baitute. Txarrena da gerra iragartzen digutela jakinarazteko balizko askatasunak ere kenduko dizkigutela.