Egungo eredua eta pertsonaren altuera

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2015ko urr. 19a, 15:42

Agur. Gizaki orok estrategia bereziak garatu behar ditu arrakastaz ikasi eta hazi ahal izateko. Halere, estrategia horiek guztiok ez ditugu gureganatzen era berdinean. Eta bizirauteko edota gizartean bizitzeko estrategia garrantzitsuenez behar bezala jabetzen ez bagara, gizartetik at gelditzeko arriskua izanen dugu.Zailtasun handi horiek gutxi ez balira, egungo eredu kapitalista zapaltzaile eta lehiakorrak bertzelako eragozpenik gehitzen du. Egungo eredu honek behartzen du pertsona berezko duen ikas-prozesutik kanpo. Izan ere, gizakiak, bere garapenerako, ezagutza orokorra bilatzen du; egungo sistemak, ordea, espezializaziora bultzatzen gaitu.Horren ondorioz, pertsonak bizi dira berezko joera duten ezagutza orokorretik at eta, halabeharrez, nor bere txoko espezializatutik ingurua eta mundua ulertu ezinik. Beraz, biziminak eragiten duen jakinmina baztertzera behartzen gaituzte eta mendekotasunaren minbizian bizitzera zigortu. Horixe da benetako kondena.Diotenez, haur eta gazte anitz ez da egokitzen egungo irakaskuntzan. Ez da harritzekoa: sistema honek behar dituen gizakiak prestatzeko irakaskuntza eredua baita, ez gizakiak behar duena. Txikitatik izutuak bizitzera zigortzengaituzte. Irakaskuntzako eredua bertzelakoa izan behar da: norbaiti entzun diot pertsonaren altuera gainditzen dituen beldurren tamainakoa dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!