Agur. Catalunyarren independentziarako aukera guztion ahotan izan da egunotan. Bertze batzuek "sezesio" hitza erabiltzea nahiago izan dute. Nire iritziz, azken hauek beldur diote independentzia hitzari; txanponaren bi aldeak ikusirik, independentziaren antonimoa dependentzia baita, hots: menpekotasuna.
Argi dago. Pertsona gehienok ez dugu dependentzia edo menpekotasunik nahi; are gehiago, independentzia askatasunaren sinonimo hartzen badugu. Horregatik, beharbada, ez zaie gustatzen independentzia hitza eta nahiago dute "sezesio" hitzari batasuna kontrajartzea, espainiar estatuaren menpekotasuna izkutatzeko hobea delakoan.
Bada, egunotan, independentzia eta askatasuna hitzen inguruan arrano beltzaren irudia etorri zait gogora. Eta berehala, Bardeetan askatu berri duten arranoaren hegaldi askea. Arranoak "Juego de tronos" delako telesailaren grabazioa ikusteko aukera izanen ote duen pentsatuz, espainiar armada eta NATO erakunde militarraren bonbardaketak irudikatu ditut.
Ez al da ederrago arranoaren hegaldi soila gerra hegazkinena baino? Ez al da jasangarriagoa arranoaren ehiza armada desberdinen gerrarako prestatzeak eta bonbak baino?
Bonbak eta haien eraginak arras garesti ordaintzen ditugu; arranoaren hegaldia ikustea, ordea, doakoa da baina ez du preziorik.