Hitzordu hartan lagun guztiak elkartu ziren Guatemalako heldu berria agurtzeko. Pozik zeuden maya leinuko amerikarrarekin honetaz eta hartaz mintzatzeko aukeragatik. Egia aitortzeko, Luis Camul Euskal Herrira ekarri zuen lagunak xehetasun handiz kontatu zion lagunartean pertsona ezagunak zeudela: artistak, politikariak, irakasleak...Bazkaltzeko tenorean, Luisen ondoan lagunarteko isilena jarri zen. Galderari erantzunez, Guatemalaz, bere herriaz, bere bizipenez mintzatu zen... Gainerakoek hasieran egin zioten kasu, baina maya sorterrikoaren ahots apalagatik laster utzi zioten entzuteari. Orduan, politikari, artista eta irakasle haiek ozen bezain oldarkor eztabaidatzen hasi ziren munduko zenbait gatazkaz.Luis Camulek solasa segitu zuen ondoko gizon apalarekin: maya herrien desberdintasunez, hizkuntzaren egoeraz, kontzientzia ezaz... Zinez, ikasgai ederra aditu nahi izan zutenendako. Une eta gune hartan mundu ikuskera desberdinen arteko komunikazio interesgarria gertatu zen, bi herriren erroetarainoko hausnarketak partekatubaitziren.Bazkaria bukatu ondoren, nekearen nekez, Luis joan behar zenean galdetu zioten ea zer moduz egon zen. Berak erantzun zuen: gustura. Segituan galdetu zioten ea entzun zituenondoko politikariek eta irakasleek Euskal Herriaz eta munduaz egindako hausnarketak. Maya leinukoak honakoa erantzun zien: "oihuka hitz egin dutenak ez ditut ulertu eta bi orduz hizketan aritu naiz ondoko gizon apalak eginiko galdera bakarraz; baina bere begiradaren interesa beti gogoratuko dut".