Periko apala

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2015ko api. 30a, 18:28

Agur. Periko duela egun gutti hil da.

Diotenez, informazioaren transmisioak berebiziko garrantzia du bizidunongan; transmisio genetikoa edota kulturala izanik ere. Hortaz, norbait hiltzen delarik, zituen bertuteak eta berarengandik ikasitakoak gogoratu behar dira.

Perikorengandik zertxobait ikasi dut eta, ikasiriko bat kontatuko dizuet. Zeinahi azalpen egin ondoren jende gehienak galdetu ohi du "ulertu duzu?" Perikok galdera hori ere baliatzen zuen, baina maizago bertze hau baliatzen zuen: "ongi azaldu dut?"

Perikok ez zekien euskaraz, baina bere apaltasunaren lekuko gogoratzen dut komunikatzeko tenorean erabiltzen zuen galdera. "Ongi azaldu dut?" galdetuz ez zuen dudatan jartzen mintzakidearen ulermena, baizik eta berak azaltzeko zuen ahalmena.

Mundu honetan, anitzetan, harrotasunaz baino harrokeriaz jokatzen dugu lagun hurkoarekin. Zein handiuste klase da mintzakidea baino gehiago garela pentsatzera garamatzana? Komunikazioaren inguruabarrean, zergatik pentsatzen dugu gure azalpena kuestionaezina dela eta mintzakidearen ulermenean dagoela falta? Ez al da mekanismo psikologiko maltzur hori izkutatzen "ulertu duzu?" galdera aldrebesaren baitan?

Bada, pertsonaren samurtasuna detaile ñimiñoetan suma daitekeela ikasi dut eta, Periko gogoan, gainontzeko gizakiekin era sotilago eta xumeagoaz komunikatzeko gakoa aurkitu dut. "Ongi azaldu dut?"

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!