Ederrak dira mitxoletak. Azaltzen dira ttak ttak ttak bide bazterrean edo ttak-ttak ttak-ttak ttak-ttak gari zelaietan eta masailak gorri, kaixo-kaixo-kaixo esaten dizute. Ederrak dira mitxoletak. Mitxoleta izena jarri diote Arrosadia, Santa María la Real eta Lezkairu arteko eremuan ireki berri den hiri-baratzeari. Ez naiz bertan izan, baina bertaratzeko irrikaz nago. Baratze bat hirian, belaunaldien arteko elkargune, auzotarren enkontrurako plaza berde. Jakin badakit duela pare bat urtetik lan oso polita egin duela Mitxoleta Elkarteak. Bejondeizuela! Eutsi horri! Bero egun hauetan ur egarriz izango dira landare eta hazi landatu eta erein berriak. Haziko dira eta bizigune bihurtuko dute ingurua. Egarritzea eta elkarrekin haztea dagokigu orain auzotarrei, errespetuan, lankidetzan eta aisia mota berrien balioak zabaltze lanetan. Ttak ttak ttak hara mitxoleta berriak kaixo eta kaixo ongi etorria oparituz.