Lehertu da berriro. Une oro lehertzen da. Eta berriro. Eta ez ba, munduak ez daki beste modu batera. Oraindik. Berriro lehertu da. Eta ni Asier Serranoren "Gerrari bai" poemaz oroitu naiz. Gerrari ez esateko modu asko baitago. Eta berak bakea eskatzeko eskubidea nahi du. Poesia da. Esan nahi dena esateko modu asko dago. Baina gerrari begietara begiratu behar zaio. Eta ezinbestean bakea exijitu, gerrari, gerra izaten jarraitzen duten horiei.
Asier Serrano, zure baimenarekin 2003an argitaratu zenuen poema bihurtu nahi dut nire irrintzi gaur. Gerrari bai esanez, gerrari ez oihukatzeko.
Ipar haizea sartu da
Eta nire mamuekin elkartu naiz
Hemen hostoak lehenago erortzen dira
Eta nire belaunaldiko gazteen
Antza hartzen diet
Zeruak bat egiten du lakuan
Itotzen den ibaiarekin
Eta ez da geurean bezala
Korronte alde hilda azaltzen den
Izokinik ageri
Nire buruari gerra deklaratu diot
Baina bandera zuriaren zain nago
Eta gerrari bai esaten diot
Odolik ba ote dudan
Ikusi nahi dudalako
Gerrari bai esaten diot
Hitzaz eta gitarraz armatuta nagoelako
Ardoa eta emakumeak maite ditudalako
Aske izateko beharra dudalako
Baietz esaten diot gerrari
Etorkizunik ez dagoelako
Eta militantziak denari bai esatera
Behartu nauelako
Zuregatik esaten diot gerrari baietz
Nire abertzaletasunaren amarauna
Bezain ahula zarelako
Eguzkia lakuan ezkutatzen da
Gorri eta handi
Nire bihotza bezain gorri
Eta gerrari bai esaten diot
Gerrak bakea eskatzeko eskubidea ematen didalako