Pepe eta kolibria

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea

Aimar Bretos kazetariari entzun diot gaur goizean eta zoragarria iruditu zait. Nik ere dagokidana egin nahi dut Pepe Múgica hil eta hurrengo egunean. Horregatik Aimarri entzun diodan ipuin bera kontatuko dizuet. 
Istorioak dio egun batean sekulako sutea izan zela oihanean. Animalia guztiek ihesari eman zioten. Bat-batean jaguarrak bere buruaren gainetik hegan kolibri bat ikusi zuen kontrako norantzan, sua zegoen alderantz zihoan hegan.  Jaguarra harritu egin zen, baina ez zen geratu. Handik gutxira berriro ikusi zuen kolibria hegan, baina oraingo honetan bere norantza berean. Eta halaxe ohartu zen jaguarra joan-etorrian zebilela kolibria, joan eta etorri, joan eta etorri, txoritxoari zertan ari zen galdetzea erabaki zuen arte. Hain zen bitxia egiten ari zena. 
Zer egiten duzu, kolibri? –galdetu zion jaguarrak.
Lakurantz noa –erantzun zion kolibriak.- Mokoarekin ura hartu eta su gainean botatzen dut sutea itzal dadin.
Jaguarrak irribarrez esan zion: 
Erotuta zaude? Moko txiki horrekin zuk bakarrik sutea itzaliko duzula uste al duzu?
Ez, badakit bakarrik ez dudala lortuko. Baina niri dagokidana egitea dagokit. 
Mundua aldatu nahi izan zenuen, Pepe, eta ez zenuen lortu. Mundutar guztiok zuk zure zatia egin duzun neurrian, egingo bagenu bakoitzari dagokiguna, beste oilar batek egingo luke kukurruku.  
Eskerrik asko bizitza, zoriontasuna eta askatasuna korapilo berean estutu eta gugan bizi beharko genukeen denbora astinarazteagatik. Beldurrik gabe borrokatu zenuen zure bizitza. Egunen batean ikasiko dugu zu entzunez negar egin beharrean, zu entzunez izaten, izaten zoriontsu, izaten aske eta izaten humano.
Besarkada estu bat. Irati.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!