Iruñeko Mankomunitateko Pinaquy Aretoan pasa den asteartetik ikusgai dago Lucas Vallecillos argazkilari katalanaren “Hiroshima eta Nagasaki” erakusketa. Duela 80 urte suntsitu eta ezerez bihurturiko bi hirien arnasa du erakusketak irudi eta hitz artean bildua. 1945. urtearen bukaeran, 210.000 heriotza inguru zenbatu ziren. Eginiko kalkuluen arabera, harrezkero beste hainbeste jende hil da bonbardaketa atomiko haien ondorioz. Bertako herritarrak modu masiboan eta inongo bereizketarik gabe hil zituzten eta inork ez du gerra-krimen haiengatik zigorrik jaso. Horri esaten zaio desagerrarazi. Existentzia ukatu. Begiak hil. Horri esaten zaio lurra jo. Zuloa zulatu. Mamutu. Hiroshimako Bakearen Memorialeko Zenotafioan epitafio bat dago gertatua berriro ez dela gertatuko adierazten duena. Hartu atseden lasai, berriro ez dugu-eta halako akatsik egingo. Dio. Gizakiak inoiz-inon ez duela halako gerra-gaitzik eragingo, alegia. Ez errepikatzeko bermea. Ez errepikatzeko bermea. Ez errepikatzeko bermea. Gizakiak inoiz-inon ez duela halako gerra-gaitzik, genozidiorik eragingo. Desagerrarazi. Existentzia ukatu. Begiak hil. Horri esaten zaio lurra jo. Zuloa zulatu. Mamutu. Ez errepikatzeko bermea. Ez errepikatzeko bermea. Inoiz-inon. Tokitan gaude.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!