Azken asteburua Sunbillan igaro dugu Iruñeko kuadrilla batek. Tartean ume talde mardul bat, energiaz beteak jolaserako eta solaserako gogoz. Larunbat goizeko plana Bisusta ur-jauzira joan-etorria garai batean Txikito Trenak erabiltzen zuen bidetik. Herria zeharkatu dugu erdiz erdi eta kanpoaldeko etxe eder baten bueltan bi gizon topatu ditugu larunbat goizeko landa eremuko lanak egiteko prest. Umeak, antolatutako jolasa tarteko, galdezka hasi zaizkie ea ze izen duen han, bertatik bertara, igarotzen den ibai ederrak eta zeintzuk diren Malerrekako sei herriren izenak. Ume taldea harritu egin da gizon pareak euskaraz erantzun dielako eta gizon parea harritu egin da umeek euskaraz galdetu eta euskaraz jarraitu dutelako solasean. Harridurak harridura, Sunbilla eta Iruñea euskaraz aritu dira, bi belaunaldi oso ezberdin tarteko. Irrintzia botatzeko modukoa. Pena horixe, irrintzia botatzeko modukoa izatea.