Haurrak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2023ko aza. 21a, 16:37

Atzo azaroak 20. Haurren eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna. Zertaz ari gara, nongoez ari gara, nortzuez ari gara. 

Ostiralean Médicos del Mundok errumaniar jatorriko ijitoen Spoitoris komunitatea izan zuen mintzagai Iruñeko Kondestable Jauregian.  Arrosadia auzoan bizi dira inguruotan bizi diren gehienak. Begiratzen diegu, baina ez ditugu ikusten. Datu kezkagarri asko jasotzen ditu txostenak giza eskubideen urraketen inguruan, osasuna, hezkuntza, lan-mundua eta bazterketa ardatz hartuta. Alderdi askok eman zidaten arreta. Bat ezin dut burutik kendu. Spoitoris komunitateko haur gehienek ez dituzte oinarrizko, derrigorrezko ikasketak bukatzen. Askok ezta lehen hezkuntzako etapa ere. Begiratzen diegu, baina ez ditugu ikusten. Bestela, nola da posible? Haur orok berea du hezkuntzarako eskubidea. Nola da posible gaur egun gure sisteman haur batek lehen hezkuntzako ikasketak ez bukatzea? Begiratzen diegu, baina ez ditugu ikusten. Eske familiak, eske ohiturak, eske ezjakintasuna, eske kultura... Gu gara haien bizilagunak, ni naiz haien bizilaguna. Begiratu ordez, ikusiko bagenitu, elkarrekin egingo bagenu kaletik etxerako bidea, kaleko eserleku berak partekatuko bagenitu, irribarre egingo bagenio elkarri. 

Atzo azaroak 20. Haurren eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna. Zertaz ari gara, nongoez ari gara, nortzuez ari gara. Ehundaka, milaka haur ari dira Palestinan desagerrarazten. Belaunaldi oso bat. Etorkizuna. Eskuak burura eramaten ditugu "Eta ezin ezer egin" errepikatuz. Salatu, salatu eta salatu, eta elkartasuna adierazi, han ezin beste askorik egin. Zergatik ez gara han egin ezin duguna hemen egiten hasten?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!