Makilak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2023ko urr. 10a, 16:55

Iruñeko aginte-makilak gutxi du agintetik eta asko makiletik. Udaberrian hasi zen legealdi berria, udazken bezperan hasi da ikasturtea eta hastetik harago jarraipenik gabeko katramila-gune baino ez da oraintxe hiriari bultza egin beharko liokeen udala. Bultza, tira eta txilipurdi egitea dagokio udal bati, eta estropezuka baino ez da ari gurea. Aurrera egiteko tarteka pausoren bat atzera ematea ere komeni izaten omen da, baina ez dakit... Ez dakit. Gurutze Plazako zuhaitzen sustraiek lurra irabazi zuten; baina oinezkooi ez dagokigu kieto eta geldi egotea. Hiriak mugimendua behar du, kolorea, haizea. 

Putz eginez ari diren gainerakoek, ordea, asmatuko ote dute azken asteotako giro bero honi freskotasun pixka bat oparitzen. Horretarako, baina, ez da nahikoa ahoa borobil, birikak dantzan jartzea. 
Deseraikitzeko bat egiteak ez du indar berezirik eraikitzeko bat egiten asmatzen ez bada. Herri batek herri egingo duten proposamen indartsuak behar ditu, eztabaida oinarri izanik, adostasunez hartutako erabakiak. 

Makila hor dago. Makilakixkirena eginez, astinaldika aritzeko baino, ea orkestra gidaritza berri baterako balio izaten duen. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!