Pilota partidak ikustera joan behar genuela eta pilota partidak ikustera joan behar genuela. Saltoka, pozik, eskuetan Labriterako bi sarrera-gonbidapen hartuta etorri zen eskolatik etxera pasa den astean Eleder. Andereñok eman zizkiela opari. III. Nafarroako Foru Komunitatea Torneoa. Emakumezkoen esku pilota. Finalak. Etxekook Elederri baietz, noski, joango ginela.
Eta joan ginen. Hamabietarako juxtu-juxtu iritsi eta eskilaretan gora eta gora bidali gintuzten. Labrit... goiko harmailetatik ikusita... ikusle-itsasoa zirudien hark. Bete-bete eginda zegoen, lepo, gainezka. Finalik jendetsuenetan baino jende gehiago zegoela esatera ausartzen naiz. Eserlekuz kanpo ere jende asko zegoen. Ume, gazte eta heldu. Txaloa eta oihua nahasi ziren, bai lehenengo partiduan eta baita bigarrenean ere. Aldameneko emakumeak hala eskatuta, aldameneko mutikoari, bere semeari, pilotaren joko-arauak azaldu nizkion. Jokoa, grina, amorrua, laguntasuna, haserrea, poza, indarra, nekea, izerdia, malkoa denak nahasian barneratu genituen ikusleok. Ume, gazte eta helduok. Barka, ikusleok eta entzuleok. Entzun ere entzuten baikenuen txalo eta oihuen gainetik euskara. Euskara ahots goran, euskara ozen, euskara mikrofonotik. Euskara denontzat, ume, gazte eta heldu, euskara gure dugunontzat eta bere ez dutenentzat. Han ez zion inork euskarari txistu jo, han inork ez zien emakumeei txistu jo, han ez zien inork 18ra eta 22ra iritsi ez zirenei txistu jo. Bi orduko ikasgai ederra: Skolae, Laguntza eta Euskara, hirurak batean, Labriten.
Ederra izan zen oso. Itzuli ginen etxera. Jarri nintzen arratsaldean komunikabideei begira. Ezer ez. Jarri nintzen biharamunean komunikabideei begira. Ezer ez. Elederri erakutsi nahi nion bizi izan genuen "zer" eder hari egin ziotela komunikabideek oihartzun. Elederri erakutsi nahi nion bertaratu ez zirenek ere jakingo zutela han "zerbait" handia gertatu zela. Skolae, Laguntza, Euskara. Nekez ezer handiagorik. Ba ez, ezin Elederri erakutsi. Labritetik kanpo gelditu zirenengana ez da aipamenik iritsi, han gertatu zena balioan jarriko duenik ezer ez. Ez dut horren bueltako albiste bakar bat ere ikusi. Pena. Ikaragarria. Egon behar den tokian egoten jakitea. Hain da garrantzitsua. Ezinbestekoa, gizartearengan eragin nahi badugu komunikabideek egon behar den tokian egoten jakitea. Labriten ume, gazte eta heldu asko baitzeuden, baina Labritetik kanpo askoz gehiago.
Portzierto, zorionak zortzi pilotariei eta batez ere harmailak girotu zituzten ume, gazte eta helduei.
Irati Goikoetxea Asurabarrena
2023-6-6