Amak errieta egin dio semeari. Euskaraz egin behar duela atsedenaldi orduetan. Semeak, ezetz, hori ezinezkoa dela, denek egiten dutela gaztelaniaz. Amak esan dio, "Elederrek egiten du ba!", eta semeak erantzun, "Eta zer nahi duzu Elederrekin bakarrik jolastea?". Atsedenaldiak eta euskara.
Elederrek amari kontatu dio bihar neskak eta mutilak elkarrekin jolastuko direla atsedenaldian. Elkarrekin adostu dutela jolasa. Bestela, neskak ez direla jolasten. "Ez zaie jolastea gustatzen, ala?", amak semeari. "Baietz esango nuke", semeak. "Eta orduan zer gertatzen da?", amak tiraka. Asteartetan egingo omen dute horrela, hala esan omen du andereñok. "Nola asteartetan?". Atsedenaldiak eta hezkidetza.
Asteartea ez den beste egun batean Eleder amari hurbildu zaio esanez: "Ama, gaur saskibaloian jolastu gara: hiru hamarren kontra!". Gelako onenak direnez, nahikoa direla hiru hamar aurrean izanda ere irabazteko. Natural-natural esan dio, on eta txar, bakoitzak bere rola ondo irentsita duela jakinaraziz. Amak galdetu dio hamar lagun izanda berak taldeak nola egingo lituzkeen. "Eta hamaika bagara?", bota dio bueltan semeak. Atsedenaldiak eta baloreak.
Euskara plana, Skolae eta Laguntza. Fitxa, lantegi eta dinamikaz betetzen ditugu ikasgelak, baina atsedenaldiek ihes egiten digute. Autonomia esaten dute batzuek. Beraiek, haurrek, asmatu eta erabaki behar omen dute nola jolastu. Jolasten ikasi egiten dela sinetsita nago ni. Ikasgairik garrantzitsuena dela, gainera. Propio eskaini beharko geniokeela denbora. Eta helduok zaintzaile ez, jolas-lagun izan behar dugula.
Lo hartu aurretik Elederrek amari galdetu dio: "Ama, eta zuek nola jolasten zineten?". Amak ez du gau osoan begirik bildu, tartean hogeita hamar urte eta aurrera ezer gutxi egin dela ondorioztatuta.
Bai, badakit. 16:30etik aurrera berdintsu. Edo okerrago. Bai, badakit. Euskara, Skolae eta Laguntza hirukoa familiona ere bada. Familiona da batez ere. Ados. Guraso eta irakasle, egingo diogu jolasaren gaiari hozka? Susmoa dut ume guztiek eskertuko digutela, euskaraz egiten duenak eta gaztelaniaz egiten duenak, neskak eta mutilak, hiruko taldean dagoenak eta hamarrekoan egoteko agindua jaso duenak. Denek. Umeek. Eskertuko digute.