Kasualitatea. Bi jarrera zehatzek bat egitea. Emakumearen Arretarako Azpilagainako Unitateko idazkariak: ¿Sí? Eta nik bueltan: Euskaraz bai? Hark ezetz, ez dela moldatzen. Nire beharren berri azaldu eta amaieran jakinarazi dit emaginarekin hitzordua emango didala; eta jarraian gehitu du: Emagin euskaldunarekin emango dizut hitzordua. Eta nik poza zorion bihurtu. Baietz. Eta eskerrik asko. Nik eskaera egin aurretik nire nahia aurreikusi nahi izateagatik. Bai, nahi izate hutsa jarrera bat da, balio handikoa, garrantzitsua, garrantzitsuenetako, garrantzitsuena ez bada.
Iritsi da hitzordua. Luxua. Hain zurea den kontuaz hain zurea den hizkuntzan hitz egin ahal izatea. Luxua hurrengo hitzordura bost urteko semea hain berea den gaia hain berea den hizkuntzan ezagutzera eraman ahal izatea; txiki-txikitatik erakutsi ahal izatea badirela pediatra, erizain, sendagile eta emagin euskaldunak. Zortea? Ez luke zorte kontua izan behar. Ez luke luxua izan behar. Are gutxiago kasualitatea.
Tristea poza zorion bihurtzea hain zurea den herrian hain zurea den hizkuntzan jardun ahal izateagatik.