Prohibido orinar

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2021ko mai. 4a, 15:19

Igandean Oderizen izan nintzen. Madozetik haragao inoiz joan gabea nintzen. Oderiz, ederra. Herriaren erdian, errepide ertzean iturri-aska eder bat dago, ederra, handia alegia, luzea eta zabala. Iturburuaren ondoan oharra: PROHIBIDO ORINAR. Irakurri, begirada jaitsi eta altxa egin nituen berriro begiak. Bai, hor jarraitzen zuen aho borobil: PROHIBIDO ORINAR. Norbaiti bururatu bazaio non eta hortxe halako ohar bat jartzea, izango da norbait horrek norbait ikusi duelako non eta hortxe zer eta pixa egiten. Total, uretan ur pixka bat gehiago... Pentsaezina egiten zait hala joka dezakeen jendea egotea, pentsaezina egiten zait halako oharren beharra. Oderiz ederreko aska ederrean lasaitasun ederrean inor pixa egiten ikusita ere, nik ez nuke jarriko. Ez dut argi zer lortu nahi den eta zer lortzen den halako ohar bat jarrita. Niri begirada jo zidan, bi aldiz kolpe, irakurtzen ari nintzenak eta hitzok atzean ezkutatzen dutenak.

Horiek igandeko kontuak. Ostiralean Gipuzkoako Hitzan irakurri nuen artikuluak harrapatu egin ninduen. Oiartzunen martxan da Oihartzun Filosofikoa ekimena. Hilean behin igande arratsaldetan, bai, igande arratsaldetan, bederatzi eta hamaika urteko, bai, bederatzi eta hamaika urteko, 38 haur, bai, 38 haur, elkartzen dira gai ezberdinen inguruan hausnartzeko, hitz egiteko eta eztabaidatzeko. Haur Filosofia esaten diote. Bai, Haur Filosofia, hausnartu, hitz egin eta eztabaidatu. Ez dakit errespetua bere horretan izaten ote duten hizpide, baina ez dut zalantzarik egiten ekimenak bere horretan errespetua lantzen duela, errespetua besteak beste. Eta zer nahi duzue esatea, marabilla bat iruditzen zait, edozein herrik kopiatzeko modukoa, herri orok plagiatu beharrekoa. Izan ere, nolako umeak gaur halako helduak bihar.

Oderizeko askan pixa egin duenak askatasuna aldarrikatuko du bere ustezko heldutasunetik, ez dakit asko, baina heldua, tira adinez heldua, irudikatzen dut total uretan ur pixka bat gehiago bota zuena. Doazkiola, mesedez, Oiartzungo bederatzi eta hamaika urte bitarteko haurrak askatasuna zer den azaltzera.

Iturri-askan bertan zenbait ohar elebiz daude… PROHIBIDO ORINAR, aho borobil eta gaztelaniaz ele bakar zergatik dagoen… hori beste baterako hausnarketagaia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!