Nafarroa zu eta ni gara

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2020ko urr. 13a, 15:16

Tz, tz, bai, bai, zu, zu zara Nafarroa, zahar egoitzan ama duzuna.
Tz, tz, bai, bai, zu, zu zara Nafarroa, ez-festak festatik ere baduela eta
ospatzen zabiltzana. Eske lagunak…
Tz, tz, bai, bai, zu, zu zara Nafarroa, eskolako patioan espazio librean
zure burbuila taldearekin korrika eta korrika musukoa jantzita egin behar duzun
hiru urteko umea, liburutegietako ipuin kontaketarik gabe gelditu zaren
ipuinzalea.
Tz, tz, bai, bai, zu, zu zara Nafarroa, tabernetan ezin eta lagun artean
edanean mozkortzeko hitzordua egin duzuna. Eske kuadrila…
Tz, tz, bai, bai, zu, zu zara Nafarroa, nortasun agiririk ezean internetez
beharrezko hitzordu hori hartu ezin duzuna.
Tz, tz, bai, bai, zu, zu zara Nafarroa, semearen jaunartzea ospatzeko
etxea jendez gainezka bete duzuna. Eske familia…
Tz, tz, bai, bai, zu, zu zara Nafarroa, egoerak argirik ikusten ez duela eta
lanik gabe gelditu zarena.
Tz, tz, bai, bai, zu, zu zara Nafarroa, telebistari begira barrezka ari
zarena. Eske han okerrago daude…
Tz, tz, bai, bai, zu, zu zara Nafarroa, alabaren ikasgela itxi dutela eta
aiton-amonei deika ari zarena.
Tz, tz, bai, bai, zu, zu zara Nafarroa, arauari tranpa eginez zeure burua
engainatzen ari zarena. Eske inposizioa, eske sakrifizioa, eske…
Ez ote diren batzuk gehiegi eskatzen ari. Ez ote diren batzuk gehiegi
ematen ari.
Telebista, irrati, eta egunkarietako zenbaki saltsa zutaz eta nitaz ari da.
Nafarroa ez da hura, Nafarroa zu eta ni gara. Ardurak ardura, erantzukizuna
zurea eta nirea da.
Bada nor garen eta zertan ari garen jabetzeko garaia. Bada norbere
zilborreko hautsak besteengan doministikuak eragiten dituela ohartzeko garaia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!