BIZI DANTZA dio Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken diskoak. Porrotxek
bidali zion opari Elederri urtebetetze egunean. Hilabete darama gure etxean eta
honezkero buruz dakizkit kantu guztiak.
Gaur ez da ostadarrik agertu zeruan, baina kolorez bete da mundua dio kantu
sarrera batek. Nork kendu dio kolore gorria ortzadarrari galdetzen du Leire
Bilbao letragileak dotore, eta ez dakit, etxeko apaletan mozorrotarako sudur
gorri bat aurkitu dut eta ez dakit ostadarraren gorria ez ote dabilen gure etxeko
zoko-mokoetan. Kendu, ordea, ez diogu ezer kendu ostadarrari, izatekotan
beste norabait joan behar eta gurean sartuko zen kukuka. Eta guk tokia egin,
sudurrari, gorriari eta ostadarrari.
Dantza doinuak kantu eta kantuak dantza doinu bihurtu ditu proiektu berriak
gorputz eta mingainak mugitzeko gonbita luzatuz. Baina dantzak bizia izango
bada plazak behar ditu eta bizitzak dantza egingo badu plazak behar ditu. Plaza
anitzak. Plaza koloretsuak. Eta plaza irekiak.
Ama hitzkuntza euskara dutenek ere, Iruñean ere, berdintasun, aniztasun,
adiskidetasun, eskuzabaltasun, maitasun baloreen erritmoan, euskaraz ere,
dantza egin nahi dute. Ama hizkuntza euskara ez, baina euskara dakitenek ere,
Iruñean ere, berdintasun, aniztasun, adiskidetasun, eskuzabaltasun, maitasun
baloreen erritmoan, euskaraz ere, dantza egin nahi dute. Eta ama hizkuntza
euskara ez, eta euskararik oraindik ez dakitenek ere, Iruñean ere, berdintasun,
aniztasun, adiskidetasun, eskuzabaltasun, maitasun baloreen erritmoan,
euskaraz ere, dantza egin nahi dute.
Etxeko sudur gorria hartu eta kalean utzi dut. Ea nork hartzen duen!