Aurreko batean lanera bidean nindoala agur eta agur egin zidan urrutitik
ezagutzen ez nuen emakume batek. Aurpegi arraroa jarri nion nonbait;
gerturatu zenean esan zidan: no eres Amara? Eta nik ezetz buruarekin,
kunplimenduzko irribarre bat eginez. Eta berak atzetik: jo, te pareces un
montón!
Irribarrez-irribarrez joan nintzen lanera hor nonbait dabilen Amara nolakoa
izango den irudikatuz. Neure buruari galdetuz Amara delakoak ba ote dakien
bere antza duen neska goierritar bat dabilela Iruñeko kaleetan, eta batez ere
parkeetan, gora eta behera. Elkar ikusiko bagenu elkarri elkarren antza hartuko
geniokeen ere galdetu diot neure buruari. Amara… ba ote daki euskaraz?
Egingo ote du greba martxoaren 8an? Bozkatuko ote du apirilaren 28ko eta
maiatzaren 26ko hauteskundeetan? Jarri ote da Venezuelara begira? Zer iritzi
ote du azken asteotan emakumeen futbol partidetan bildu den ikusle kopuruaz?
Jarraitzen ari ote da procés-aren epaiketa? Ba ote du harremanik bere bizilagun
etorkinekin? Zer egiten ote du bere aisialdian? Bere inguruko zenbat pertsona
zaintzen ote ditu? Parte hartzen ote du herri mugimenduetan? Ba ote daki zer
den ornitorrinkoa? Ba ote du seme-alabarik? Egin ote du haien
aurrematrikularik? Eskola publikoan? D ereduan? Entzuten ote du irratia?
Entzuten ariko ote da gaurko irrintzia?
Eta zuri zer inportatu zaizu! Pentsatuko du batek baino gehiagok. Ba ez, ez
zaizkit axola Amararen erantzun bai eta ez biluziak. Baina, bai, gustatuko
litzaidake Amararekin mila kontuz solasean aritzea. Gizarteak, herriek, auzoek,
bizilagunek… pertsona ezagunekin, gertukoekin, lagunekin izan ditzaketen
espazio, gune eta uneez harago, ezagutzen ez ditugun pertsonekin harreman
sareak zabaltzeko hitz eta solas espazioak, guneak eta uneak landu beharko
lituzketela-genituzkeela uste dut. Eremu erosoetan beti betikoekin hitz egin,
ertzak aztertu eta eztabaidatuz mugatu baino ez dugu egiten gizartea
aberasteko aukera.
Ea aurkitzen zaitudan, Amara… Metro eta laurogei, ile kizkur argi zuritzen
hasia, begi argiak, ezpain gainean ditxosozko granoa… Ea aurkitzen
zaitudan…