Haurren jolas erotikoak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2018ko aza. 7a, 15:39

Iritziak iritzi, usteak uste, hipotesiak hipotesi, ez dago bertatik bertara bizitako
errealitatea kontatzea bezalakorik. Hor ez dago tranparik, ikusitakoa esan. Bai, noski,
begiak zabalik izan behar dira horretarako.

Bi urte ditu Elederrek, hau da, zero eta sei urte bitarteko adin tartean dago. Eleder bat
eta bakarra da, gainerako mundutar guztiok halaxe garen bezala, baina ez dut uste
bere nahi, jolas eta ohituretan bere adinkideengandik ezberdina denik.

Eleder izan zitekeen, beraz, Ane, Juan, Pablo, Izei edo Laura. Eleder jaio zitekeen
ezkerreko, eskuineko, goiko edo beheko familia batean, baina ez dut uste horregatik
bere nahi, jolas eta ohitura naturalak, berezkoak, asko aldatuko liratekeenik. Oin,
esku, buru eta gogoak (bai, irudimena) libre uztea komeni horretarako.
Neure bizipenekin ikusi eta frogatua; Elederrek maite du:

- Ipuin liburuak amaren altzoan zukutzea.
- Amaren titi-buru bat ahoan sartu eta bestea hatz arteko jostailu bihurtzea.
- Bainatu bitartean bere gorputz atalak identifikatzea.
- Hegan egiten duela irudikatzea.
- Ipurdia aitaren sorbalden gainean jartzea.
- Hitzak esan, bota eta errepikatzea.
- Belaun, pitilin eta tripatxoa esku jolasekin garbitzea.
- Platanoak eta mandarinak jatea.
- Dorre altu-altuak eraikitzea.
- Egin dezakeen guztia berak bakarrik egitea.
- Haur Eskolako Ane laztantzea.
- Mikel eta Noari ezpainetan muxu ematea.
- Egin ezin dezakeena egiten saiatzea.
- Aitatxoren beso, lepo, hanka eta zakilari begira egotea.
- Amatxoren sudur, alu, esku eta izterrei begira egotea.
- Zuhaitzak besarkatzea.
- …

Elederrek maite du jolas egitea; egurrezko piezekin, panpinekin, autoekin, bere
gorputzarekin, baloiarekin, animaliekin, bere lagunen gorputzarekin, amaren titiekin,
aitonaren sudurrarekin, bizikletarekin, aitaren ipurdiarekin, udazkenarekin, amonaren
ahoarekin, margoekin, osabaren belarritakoekin…

Imajinatzen dut antzekoak egiten dituztela Ane, Juan, Pablo, Izei edo Laura izenekoek,
ezkerreko, eskuineko, goiko edota beheko familietan jaiotakoek. Hori da egiten duena
eta hori da askatasunez egitea ahalbidetzen dioguna.

Bere nahi, jolas eta ohiturek ez dute ordutegi jakinik. Etxekoak kalean, parkean eta
haur eskolan izaten du jarraipena. Umeak hori egiten du natural, berezko, mutilaziorik
gabe. Deitu jolas, erotismo, sexualitate. Non dago arazoa? Umeak hori egiten du
natural, berezko, mutilaziorik gabe. Zer egiten dugu helduok?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!