Begietara begira. Derrick-ek 440 pertsonari. Derricken bi begiek 880 begiri. Ordu eta erdian horixe izan zen isilune bakarra. Segundo erdiko zuloa. Segundo erdiko ezinegona. 440 pertsonari Derrickek begietara begira galdetu zigunean: ¿qué os hemos hecho los negros? Baluarteko oholtza gainetik. Eta gu azpian. Isilik. Zuriak azpian. Eta Derrick gazte beltza zurioi galdezka: ¿Qué os hemos hecho los negros? Begietara begira. Irmo. Tente. Lasai. Zain. Norbaitek erantzungo zain. ¿Qué os hemos hecho los negros? Segundo erdiko zuloa. Segundo erdiko ezinegona. ¿Qué os hemos hecho los negros? Eta gu isilik. Koldarrak gu.
Aba Taano boskote ugandarrak Baluarten eskainitako kontzertuan izan nintzen igandean. Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak antolatutako kontzertuan. Zortedun sentitzen naiz, antolaketa lanetan aritzeko aukera izan dudalako, eta boskotea eta proiektuak atzean duena eskenatokian eta eskenatokitik kanpo ezagutzeko aukera izan dudalako.
Ikaragarria da ordu eta erdian nola hustu zituzten ahots eta gorputzak. Ikaragarria da hustu ziren neurri berean nola bete gintuzten gu. Bitxia da. Beste behin, beltzak hustu, zuriak bete. Kontua ez da hain sinplea, ordea. Zerbait berezia gertatu baitzen igandean. Boskoteak berak saioaren bukaeran niri esana. Eta poz horrekin itzuli nintzen etxera. Eta segundo erdiko isiltasunak bere baitan duen pisuarekin ere bai. ¿Qué os hemos hecho los negros? Dena ez baita kantu, dantza, irrintzi eta festa. Dena ez baita igande eta jai. Astelehena horretarako asmatu baitzuten, zintzilik utzitako galderen erantzun bila lanean aritzeko.
Sekulako esperientzia izan zen igandekoa. Eskerrik asko Harriet, Louis, Patrick, Morris eta Derrick. Erantzun bat zor dizuet. Webalè.
Irati Goikoetxea Asurabarrena
2017-12-12