Bertsomovieda

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2016ko api. 28a, 15:37

Garazi Zabaleta, Aitor Lanas eta Ekaitz Goikoetxeak Maider Ansa eta Mari Sol Bastidaren lankidetza bikainekin Bertsomovieda lehiaketarako Mikel Laboaren omenez ondu duten bideoko bertso kantuak hala dio: “Ez, heriotza ez delako bizitzan bertan gauzatutako leku aldatze bat baino”. Izugarria da astebetean bideoak lortu duen oihartzuna, asko dira lan zirraragarria egin dutela esanez inguratu zaizkienak. Zorionak lehiaketako saridun nagusiei, Jon Martin eta Izaskun Bernedori, gainerako sarituei eta zuei boskote, astebetean egindako lana bizidun izatea lortu duzuelako.
Ekaitzek sortutako bertso-sortak hala dio tarteetako batean:  “Ez, heriotza ez delako bizitzan bertan gauzatutako leku aldatze bat baino”. Ezin hobeto esan; esanahiaren zentzurik ederrenean, Ekaitz, zurekin bat nator, guztiz. Ordea… bizitza zer den asmatu ezinik nabil azken bi-hiru egunetan.
Ostegunean, San Prudentzio egunez, 94 urte beteko ditu Zumarragako amona Prudentxik. Askotan egoten natzaio begira; batzuetan ez da konturatzen begira nagoela, beste askotan bat egiten dute gure irriek eta begiek, eta luzez egoten gara biok kontu kontari.
Batzuetan buruko ile zuriak zenbatzen dizkiot banan-banan; eta esaten diot denak zuriak amona, bi izan ezik. Askotan pentsatu izan dut bizitza ez dela urteak edo ile zuriak edo esperientziak edo ondasunak edo argazkiak pilatzea. Askotan pentsatzen dut urteak norberak sortu behar dituela, ile zuriak eta esperientziak bezalaxe, bizitza sormena dela, sortze aktiboa.
Azken bi-hiru egunetan, ordea, sentipena dut hainbestetan neronek zirikatu dudan sormenak zirikatu nauela oraingoan ni; uneoro sortzen saiatzen naizen bizitzak berak birsortu nauela ni. Eta nola egin duen asmatu nahian nabil noiz eta sormenaren esanahirik biluziena bizitzak berak begien aurrean jarri didanean.
Izenak izana egiten omen du, baina, oraindik izenik ez duzun txiki eder hori dagoeneko bazarela nire baitan sentitu eta ikusteak zirrara moduko ez dakit zer sortu dit. Ez dakit. Akaso bizitza ere , heriotza bezalaxe, bizitzan bertan gauzatutako lekualdatze bat da. Ez dakit. Amona-birramona pozik dago; opari ederragorik.
Gaurko irrintzia zuretzako txiki, oraindik izenik izan ez arren, dagoeneko bazaren eta izugarri maite zaitugun horrentzat;  eta zuretzako amona, eta ispilu aurrean ile zuriak zenbatzen ez baina ile zuriak sortzen aritzen diren guztientzat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!