Letra larriz idatzitako egutegiko egunak...

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2016ko ots. 17a, 13:09

Letra larriz idatzitako egutegiko egunak baino bezperak eta biharamunak maite eta behar ditugula azpimarratzera mugatzen dugu sarri gure diskurtsoa.

Egun bakarrera mugatu gabe urte osoan egin behar dugu lan esaten dugu askotan; sinetsi, esan eta zabaldu. Baina, asmoak diskurtso bihurtzen direnean, eta diskurtsoak publikoaren onespen, nago egutegiak egun, bezpera eta biharamunik gabe hustera kondenatzen ditugula.

Letra larriz idatziriko egutegiko egunak beti dira aberats solaserako, hausnarketarako eta eztabaidarako erabiltzen baditugu. Urte osoan horretarako astirik hartu ez (zertan pasatzen dugu denbora?) eta urteko egun batean horretarako astia hartzea ez da gutxi.

Otsailaren 14ak eskuetan bi liburu eder nituela harrapatu ninduen igandean; Miren Agur Meaberen “Kristalezko begi bat” liburua irakurtzen ari gara Beasaingo Irakurle Taldean, eta Laura Mintegiren “Sisifo maite minez” Ordiziakoan.

Maitasunaz, maite suaz, maiteminaz eta maite minaz izango dugu zer biluztua bi literatur saioetan. Maitasuna egin, eman, hartu, sentitu, agindu, eskatu bai, baina, maitasuna hizketarako gai gutxitan hartzen dugula uste dut.

Horrela hasten da Sisifo maite minez nobela: Maitasuna zer den jakin nahi duzu? Nik esango dizut zer den: estraineko presioa bularrean, eztarria ihartuta eta bihotza taupaka sentitzea; begirada galdua puntu batean tinkotzea; norberaren bizitza hiru lerroko poema batek islatzen duela ikustea; bizirik zaudela jakin eta bizi nahi ez izatea; barne-mina. Maitasuna malenkolia da, tristezia eta algara batera, pasioa, ziurtasun-eza, sugarra, karentzia eta soberakina; inoiz baino niago izan eta aldi berean norberaren buruarekiko arrotz sentitzea.

Irakurle taldekideek maitasuna nola definituko duten jakiteko desiratzen nago. Bi egun daramatzat buruari buelta eta buelta eta nola definitu asmatu ezinik nabil. Bueltak buruari ez, baina, bihotzari eman beharko zenizkioke pentsatuko du bakarren batek eta agian arrazoi du, baina, ez diot kasu handirik egingo.

Pozik nago, ezer esaten ez duten ba hori, badakin ezta, bai, motel ulertzen didak ezdeus horiez harago maite ditudan ingurukoekin maitasunaz hizketan aritzeko arrazoia eman didalako aurten San Balentin egunak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!