Orientazio plana D eredurako

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Otxoa

Familien tipologia asko aniztu da D ereduan. Batzuentzat euskara ez da lehentasun nagusia eta beste arrazoi batzuei arreta gehiago jarri izan diete ikastetxea aukeratzeko orduan: Gertutasuna, hezkuntza proiektuko beste zenbait alor, doakotasuna, publikotasuna, auzoko/herriko eskola erreferentziala izatea, ikasle profilaren homogeneotasuna/hetereogenetasuna,... Horretaz gain, euskarazko murgiltzearen aldeko hautua oso garbi izan duten askorentzat ere, euskararen transmisioa bera baino, D ereduaren ekosistemak eskaintzen dien beste arrazoi batzuk bilatu dituzte: eskola eta auzo/herriaren bidez komunitatea egiteko aukerak, zirkuitu folkloriko edo kulturalak, sektore sozioekonomiko, ideologiko edo kultural jakin bateko partaide sentitzea,...

 

Familia askoren artean, umeak D eredura ekarrita euskararen transmisioan nahikoa egin denaren sinesmena oso zabalduta dago. Datuek beste zerbait erakusten digute ordea, beraz, pentsaera hori erradikalki eraldatu beharra dago eta bestelako espektatiben kudeaketa bat egin. Familia askok ez dute hizkuntza diagnosia, hizkuntza helburua edo euskalduntze prozesuaren eboluzioa ezagutzen, tabu antzeko bat da. Eta ez dute ulertzen orokorrean hizkuntza helburuaren lorpenerako beraien kasuistikatik abiatuta transmisioan egin beharrekoa, ez eragile (gurasoak, eskola edo aisiako eragileak) bakoitzari dagokiona. Urgentziaz transmisio eraginkor bat nola lortzen den azalduko duen orientazio plana jarri behar da martxan. Familiei, eragile ezberdinetatik, pedagogia eta komunikazio planifikatu eta sistematizatu baten bidez, hau dena ulertzen lagunduko dien zenbait mezu orokor eta pertsonalizatu pasa behar zazkie kanal egokietatik. Eragileok egiten dugunaren ikuspegi kritikoa mantenduz eta geure buruari beti galdetuz komunikatzen ari garen hori egoki komunikatuta dagoen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!