Aldaketak bi urte

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2017ko mar. 22a, 15:21

Nafarroako Aldaketa politikoak, maiatzean, bi urte beteko ditu. Hamarkada luzeetan zehar jasan behar izan genituen ustelkeria eta gorrotoaren kontra altxatu, eta erregimena botere-gune nagusienetatik botatzea lortu genuen. Ozta-ozta eta alderdi ultraeskuindar laranja bati esker, baina lortu genuen.

22 hilabete pasa dira eta, gazteen artean, Aldaketaren kontra egitea modan jartzen hasi da. Bi urtetan ez omen da ezer aldatu. Instituzioetara sartu eta boterea eskuratzeak galbidera eraman omen ditu Aldaketaren aldeko indarrak. Sistemari men egin dioten saldu hutsak omen dira.

 

Hitzak.

Diskurtso hauek sare sozialetan zabaltzea hori besterik ez delako: kexa diskurtsiboa.

Baina nekez aldatuko dugu Nafarroa twitter eta facebooken IRAULTZA letra larriz idatziz. Egungoa hobetu daitekeela idaztea erraza da. Nola hobetu daitekeen zehaztea zertxobait konplexuagoa. Zaila dena, ingurua aldatzea da.

 

Nafarroako aldaketak bi hanka ditu aurrera egiteko: herri mugimenduak eta instituzioak. Bi hankek kontraesanak izango dituztela agerikoa da, instituzioek ezingo baitituzte herri mugimenduen eskaera guztiak ase.

Kontraesanak kontraesan, bi hankak pertsona berdinarenak direla ezin dugu ahaztu. Aldaketaren bidean aurrera egin nahi badugu biak beharko baititugu. Hanka batekin besteari ostikoak emateak ez du zentzurik. Horrela ez dugu aurrera-pausorik emango.

 

Bi urte hauetan Aldaketarako bideko lehenengo etaparen erdia ibili dugu. Bidea luzea dela? Noski. Helmuga argi badugu, bi hankei bultza egitea dagokigu.

 

Animo eta lanera!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!