Medida Por Medida

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2017ko ots. 1a, 15:33

Joan den astean In Extremis antzerki konpainiak Shakespeareren Medida Por Medida antzezlana estreinatu zuen Iruñeko Gayarre antzokian.

Obra muntatzeko, Nafarroako konpainiak José Padilla antzerki zuzendari kanariarraren laguntza izan du. Honek Shakespeareren lana jaso eta egungo errealitatera ekarri du, modu arrakastatsuan gainera.

Estreinaldia baino lau egun lehenago, Javier Marías idazle madrildarrak zutabea idatzi zuen El País Semanalen: “Ese idiota de Shakespeare”.
Eta, egia esan, zutabean ez zuen Shakespeareren ergelkeria arrazoitzeko ideia bat ere idatzi. Aldiz, antzezlan klasikoak modernizatu eta errealitate garaikidera moldatzeko joera gogor kritikatu zuen.
Maríasek ezin omen du jasan Romeo eta Julieta diskoteka batean ikustea, Macbeth Chicagon kokatzea, Julio Cesar antzezlana emakume-kartzela batean girotzea, edota Yorkeko Dukearen papera aktore beltz batek errepresentatzea.

“Gaur egun, ergelkeria horren zabalduta dagoen honetan, edonork pentsa lezake XV.mendeko Ingalaterran noble beltzak zeudela” dio Javier Maríasek.

Eta zalaparta sortu du. Noski.

José Padillak Radio Nacionalen egin dioten elkarrizketan moldaketa lana defendatu du, Medida Por Medida adibide bezala jarriz: “Antzezlan honetan agertzen den Viena, hiri ustela da, botere ilun baten menpe bizi dena. Eta ustelkeria giro horrek pertsonaia guztiak kutsatzen ditu. Giro horrek, gure garaia ederki islatzen du. Duela 400 urte deskribatutako Viena horretan gertatzen dena, XXI.mendeko hirietan gertatzen ari da. Horregatik jarraitzen dugu Shakespeare gure antzoki eta pantailetan ikusten, duela lau mende idatzitako testuetan gure buruak erraz identifikatu ditzakegulako".

Eta Javier Maríasek hala ikusi nahi badu ere, Shakespearek ez zuen bere garai historikoaren erretratu fidelik egin nahi izan. Garai historiko eta kokapen geografiko anitzak erabili zituen mendez mende gizakion muinean iraun duen alderdi ilun horri buruz aritzeko.

Gaur egungo ustelkeriaz, justiziaz edota sexu-xantaia eta erruduntasunaz hausnartu nahi izanez gero, ez galdu Medida por Medida.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!