Identity politics

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2016ko abe. 14a, 18:30

“Ez gizarteari mesede egiteko, baizik boterea irabazteko egiten den politikari,
power politics deitzen zaio ingelesez. (...).
Adostasuna bilatuz, problema soluzionatzeko bideratu beharrean energiak,
nor den nagusi bihurtzen da afera, eta lehiaren zioa.
Bilera bidez, erraz erabakiko liratekeen arazoak, denon arazoak,
endredatu eta gai teatral bihurtzen dira, medioei begira egiten den politika baterako”

Ez dira nire hitzak. Joseba Sarrionandiarenak dira.
Lapur banden etika ala politika liburuko 29.orrialdekoak.
Urrun idatziak, baina hurbilak era berean; hurbilegiak.

Pantaila beltzak pizten ditugunean,
twitter, youtube eta teleberrietan ikus ditzakegun interbentzio politiko gehienek
errepresentazio kutsua dute, faltsutasun kirats leun bat.

Eta, kasu! Ez naiz alderdi politikoetaz soilik ari.
Kalean ikus ditzakegun aldarrikapen eta proposamen askok ere itxura berdina dute gehiegitan.

Egoera soziopolitikoa aldatzen denean,
bada jende bat aldaketa hori ikusi nahi ez duena.
Eta bai, nahi kontua da.
Ez da gaitasun edo ikuspegi falta.

Zergatik ez duten ikusi nahi?
Aldaketa onartzearekin batera, beraien buruak ere aldatu beharko lituzketelako.
Eta horrelako jendea oso gustura egon ohi da bere betiko izaerarekin.
Iragan hurbilean, orduko roletan oinarritutako identitateak eraiki zituzten,
eta bere horretan mantendu dituzte;
ez baita batere erosoa
munduan egon eta eragiteko modu berriak asmatzen, probatzen eta hanka sartzen ibiltzea.

Gure buruak kolokan jartzea baino,
erosoago egiten zaigulako gure izaera, noizean behin, sare sozialetan berrestea.

Boterea irabazteko politikari power politics deitzen bazaio,
norbere identitatea berresteko egiten den politikari identity politics deitu beharko genioke.

Eta ez. Ez batak ez besteak ez du mundua aldatzeko balio.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!