Gràcia eta Grezia

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2016ko mai. 25a, 15:12

Astea hasi eta Gràcia eta Greziatik heldu zaizkigu argazki eta bideoak.

Gràcia eta Grezia.
Bi eszenatoki.
Desjabetutako banketxea eta errefuxiatuen kanpalekua.

Gràcia eta Grezia.
Hitzen ahoskera bezainbesteko antzekotasun aurki ditzakegu azken orduotako eszenetan.

Gràcia eta Grezia.
Tragedia bakarra.
Bietan ageri dira poliziak, figura ilun armatuak, gizon eta emakumeen kontra.

Eta eszenok nigan pizten dituzten sentimenduei erreparatuta,
ohartu naiz armarik gabeko taldearekiko soilik sentitzen dudala enpatia.
Errefuxiatu eta auzokideen harridura eta haserre aurpegien atzean mila istorio daudela senti dezaket.
Dramak, komediak eta tragediak.
Beraien begiradek, arropek, gorputz jarrerek hamaika istorio asmatzeko pistak ematen dizkidate.

Polizien artean, ordea, istoriorik ez.
Kolore ilunez jantzitako gizon taldean denak dira berdinak.
Begiradarik gabeko klonak.
Garapen dramatikorik gabeko pertsonai lauak.
Eta badakit bakoitzak izango duela bere istorioa,
baina nire buruak denak berdin-berdin ikusten ditu: itsu.
Argazkiotan ageri ez direnen aginduak modu itsuan, iritzi propiorik gabe, betetzen.

Eta PAUSE sakatu nahi nuke.
Eta polizia bakoitzarekin, banan-banan, hitz egin.
Eta betetzen ari den aginduari buruzko bere iritzia galdetu:
“Zergatik bota nahi dituzu okupak? Bulego horiek hutsik uzteko?”
edo “Zergatik kanporatu nahi dituzu errefuxiatuak? Zelai hori hutsik uzteko?”

Eta badakit, PLAY berriz sakatuta, egindako galderek ez dutela polizien jarreran STOPik eragingo.
Aurrera egingo dutela, behin eta berriz entzun dugun cassettea beste behin erreproduzituz.
“Yo sólo cumplo órdenes”
Eta hemen, gidoia beti berdinek idazten dute.

Gràcia eta Grezia.
Bi dekoratu, tragedia bakarra.

Grácia eta Grezia.
Eta hemen, gidoia guk gure erara idatziko bagenu?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!