Kolore bonba

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2015ko aza. 4a, 18:50

50. hamarkadan kortxo eta txapa fabrika bat eraiki zuten Donostian.

Jabea hil ondoren eraikinak hutsik eman zituen urte batzuk.

1983. urtean Zurriola Ikastolak erosi zuen eta guraso eta irakasleen auzolanei esker, antzerki areto bihurtu zuten.

Ikastolak ordea, Zurriola handitzeko dirua behar zuenez, promotore bati saldu zion eraikina.

Ordutik, hutsik eta erabat utzita igaro zituen urteak, espekulazio inmobiliarioaren beste adibideetako askok bezala.

 

Donostiako kultur eskaintza elitista eta pasiboaz nazkatuta, Groseko Gazte Asanbladak duela bost urte zabaldu zuen Kortxoeneako atea. Kultura su artifizialak ikusi eta izozkiak erostea baino zertxobait gehiago bazela iritziz, kultur sorkuntza eta eztabaidarako bilgunea eraikitzeari ekin zioten hamaika gazte erok.

Bost urte igaro dira atean emandako ostikada hartatik. Eraikin huts, ilun eta hezea zena, Donostia grisa argitzen lagundu duen kolore bonba bat izan da gazte askorentzat.

 

Guk ere, Elizaren lokalak okupatu genituen Burlatan. Geldirik zegoen etxe hutsa lapiko bihurtu genuen, eta borborka jarri.

Zilegi ikusi genuelako sartu ginen barrura.

Behar genuelako konpondu, garbitu eta txukundu genituen gela guztiak.

Elkarrekin bizitzeko, gure moral gazteek zuzentzat jo zuten araudia denon artean hitzartu genuen.

Eta nahi genuelako, nahi genuena egiten saiatu ginen bertan.

Inoiz ikusiko ez nituen dokumentalak ikusi nituen gaztetxean, inoiz irakurriko ez nituzkeen antzezlanak taularatzen saiatu ginen, nire logelan egin ezin nituen muralak margotu nituen han, eta, batez ere, inoiz agurtu ez nuen jendearekin hizketan hasi nintzen.

 

Dena ez zen polita izan. Droga kontsumo desfasatua, alperkeria edota garbitzeko nagikeria ere hurbiletik ezagutu nituen; nahi baino gehiago. Baina horretaz ere asko ikasi nuen.

 

Hamar urte beteko dira Burlatako Gaztetxea indarrez hustu eta eraitsi zutenetik. Hamar urte hauetan ordea, gure ametsek beste etxe batzuk okupatu eta koloreztatu dituzte. Aste honetan Donostiko Kortxoenea indarrez eta legez kontra hustu dute, jarraian eraikina eraisteko. Baina gurean, Euskal Jaien, Kukutzan eta beste hainbat gaztetxetan ikasi genuen bezala, UPNk, PSOEk edo PNVk ezin izango dituzte gure ametsak haien makinekin eraitsi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!