Lehenik eta behin, aitorpen bat: 155. artikulua indarrean jarri gabe ere, Madrilgo gobernua babestearen aurka zeuden horietakoa naiz. Gaizki tratatzen gaituelako; bere buruari halako neurriak hartzeko eta tankeak erabiltzeko baimena ematen dion erregimen autoritario baten erpina delako.
Eta barkatu, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak —zeina erregimen horren ardatzetako bat den— esan gabe ere, aspalditik zegoen argi PP (ere) alderdi ustela dela erabat.
Eta Evaristo kantariari asteburuan Guardia Zibilak egin diona ez da berria. Mozal Legea sekula ez delako indargabetu, areagotu baizik; eta lege horren eraisketa neurtua ez delako abiarazi nahi. Jota bat kantatzea ere delitu zen lehen, orain bezalaxe. Jota bera ez, nork eta nori eskaintzen dion jota da hemen kontua.
PPren eraisketa neurtua omen da gaia, baina. Bide guztiek Albert Rivera Moncloara eraman dezaten.
Halaxe kontuak. Evaristo Guardia Zibilez inguratuta eta Marta Sanchez teleberrietan.
Jo ezak jota hori berriz, Sam.