Manuel Trula Arreseigor. Zarautzen jaioa. Mixerikordian hazia. Arrantzale ogibidez. 19 urte zituen Ourensen 30 urteko kartzela zigorra ezarri eta Ezkabako gotorlekura preso ekarri zutenean. 1937ko uztailaren 14an izan zen hori, beste batzuek Pobre de mí kantatzen zuten bitartean. Europan ezagutzen den ihesaldi handienetako batean parte hartu zuen, beste 794 presorekin batera. Gaur 80 urte. Ihesaldia bezain handia izan dugu ezjakintasuna. Egin zuten pertsona-ehizarena -221 akabatu zituzten harrapatu ahala-, eta bizirik utzi zituztenei ezarritako bizi baldintza latzena. Manuel Trula, zehazki, ihesaldi biharamunean harrapatu eta Ezkabara ekarri zuten bueltan. Bertan hil zen, 1940ko azaroaren 29an. 23 urterekin. Agiri ofizialen arabera, bihotza kolapsatu zitzaion. Antsoainen dago lurperatuta.
Hamaika memoria elkarteren eta banakoren lanari esker jakin dut haren preso ibileren berri. Baita beste gauza bat ere: geuk ere badugula gure ihesaldia egiteko; ahanzturarengandik ihes egitea zor diogula etorkizunari.