Joan dira egun batzuk Bertizko jauregiko selfietik, Arnaga etxeari zentralitatea kentzeko ekitaldi politiko-mediatikotik, eta argazkion koordenatuetan kateatuta segitzen dut. Jean Rene Etxegarai hutsaren pare utzi du Iñigo Urkulluk elkarrizketa batean, errespetu falta agerikoarekin. Euskaditik kanpo omen dago Kanbo. Euskadi ez delako dagoeneko jeltzaleen behinolako Euzkadi, Nafarroari oraindik ere tokia egiten dion arren zenbait argazkitan. Denetan ez.
Egungo mantra nagusiak dio 36ko kolpistei tirorik egin gabe egin zietela aurre milaka euskal herritarrek; borroka antifrankista terrorismoa izan zela; gizarte honek egia, justizia eta aitortza ETAren biktimei bakarrik zor diela; ETAk bakarrik zor diola gizarte honi iraganaren irakurketa kritikoa; hemendik aurrera dena izango dela zoragarria, ia ezer aldatu gabe... Eta 155. artikuluaren itzala hortxe.
Bortizkeriak. Bertizkeriak. Euskal Herria. Euskal Erdia. Koordenatu horiek bizi gaituzte. Eta iparrorratza, egoskor, iparraldera begira beti.