Auzoko arbola zaharrak loraldi betean harrapatu ditu udaberri aurreko azken hotzaldiak. Loratu gabeek, berriz, nahikoa lan badute motozerren urteroko kimaketa basatiaren zauriak osatzen.
Izotzaldi bezperan loratutako arbolak ez ote diren astelehenero gure kaleetan protestan ari diren erretiratuak, adarrik ahulenak moztu ohi dituzten motozerren aurka borrokan...
Udaberri deitu zitzaien Tunisian, Egipton, Libian, Sirian, Yemenen... sortu ziren protesta mugimenduei ere.Herio loreak loratu dira denetan. Afrinen ere bai. NATOren lagunak fusilak goratzen, mundu osoari mezua bidaltzen. Baita erakusten ez diguten hamaika hiri setiatutan ere. Gerra asko dago hor kanpoan. Baita hemen ere. Kalez, lurrez, airez zein itsasoz egiten da eraso. Baita legez ere. Elkartasuna kriminalizatzeraino. Mediterranioa aspaldi bihurtu genien Mare Mortum; Europako ateak Inferno Vostrum; eta barruan gaudenok... motozerren beldur.
Auzoko arbola zaharrak loraldi betean harrapatu ditu udaberri aurreko azken hotzaldiak.
Ederrak daude.