Bostekoa

Bat.
Efemerideak gorroto baldin badituzu, itzali irratia oraintxe bertan.

Bi.
Neuk ere ez dut maite gaurko efemeridea; sekula gertatu izan ez balitz hobe; baina halakoxea da bizitza. Bueno, halakoxea da Espainiako erresuma. Halakoxea izan zen gaur hamabost urte juxtu hasi zen euskaldun herriaren aurkako ekintza politiko-militarra: EGUNKARIA armaz itxi, hamar pertsona atxilotu, 300 bat langabetu, eta Espainiako Barne ministroa, “euskaldunen eskubideak eta askatasunak, kultura eta pentsamendua babesteko operazioa izan da” esaten aditu.
Goragalea.

Hiru.
Elkartasuna beldur paralizatzaile guztien aurkako ukendua da. Maitasuna, indar askatzailea. Jasotako elkartasun eta maitasun zaparradari esker eutsi genion langileok euskarazko egunkari bat argitaratzeko grinari. Baita Pello Zubiriaren ospitaleratze albisteak, atxilotuen tortura salaketak eta bigarren polizia-operazioaren txanda heldu zirenean ere.
Arnasa.

Lau.
Hamabost urteren buruan, bizikidetzaren eta demokraziaren izenean, euskaraz bizitzeko gure eskubidea urratzen dute oraindik. Futbol partida honetan ere, tortura salaketenean bezalaxe, epaileak beti zapaltzailearen alde.
Kezka.

Eta bost.
Gaurik beltzenaren ostean ere eguzkia ateratzen da.
Datu objektiboa.

Hortxe, gaurko BERRIAk luzatu didan bostekoa. Beste hamaika urtez munduari begi propioz begiratzen segitu ahal izateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!