Ondoeza Hondurasen, herritarrek desberdintasun gehien nozitzen dituen Latinoamerikako estatu ustelean. Etxeratze agindua ezarrita dute han ostiraletik. Nortzuk eta, zantzu guztien arabera, igandean zortzi hauteskundeak galdu zituztenek. Armadaren esku-hartze bortitza, hildakoak, atxiloketa andana... Espantu handirik sortu gabe ari dira pasatzen hango putxerazo eta indarkeria albisteok hemengo zakurraren salara. Memoria nolakoa, halakoxea izan ohi baita demokrazia aldarrikapena: selektiboa.
Galtzen ez dakienaren amorruarena mundua bera bezain istorio zaharra da. Galtzen ez dakienari garaile xumea indarrez 'zentzatzeko' boterea onartzen zaiola jakinda, orainaldi osoa uler daiteke. Ez dago Honduraseraino joan beharrik antzeko adibideen bila: etxean bertan aspalditik ditugu horren froga garbiak; gaurko albistegietan duzue Kataluniarako prestatutako bertsioa. Eta etxeratze agindurik ez preso politikoentzako.