Egunak eman ditut 'Black Friday' zer den umeei esplikatu nahi ezean. “Guk erosteko aitzakia bat da”, esan diet, halako batean. “Gu erosteko aitzakia bat da”, esan niezaiekeenean.
Sanferminetako saldokako bortxaketarena haiei esplikatzeko ere, gogo handirik gabe egon naiz. Neuk azaltzen ez banien, baina, bortxatua saltzea erabaki dutenen bertsioa barnera zezaketen, eta hortxe aritu naiz, emakumeak ere pertsona garela, zakilik ez izatea ez dela gutxiago izatea eta inori ezin zaiola halakorik egin esaten. XXI. mendean.
Gaur bukatuko da, bada, epaiketa. Gaur irakurri dut auzipetu egin dutela Nagore Laffageren familiak haren hiltzailearen aurka egiteko kontratatutako abokatua. Neskalagun ohia jazarri izana leporatu diote profesional jaun txit loriatuari. Neure buruari esplikatu behar izan diot ez dudala harritzeko eskubiderik. Egunero berdin. Desberdin -eta desberdin izateagatik jazargarri- egiten gaituen 'Black Everyday' honetan.