Ez dakit zergatik deitzen dieten “paradisu” besteren kontura pilatutako dirutzen zuriketa guneei.
Ez dakit zergatik ez dugun ezagutzen ia Daniel Mate, zeina munduko korporazio handienetako bateko, Glencore konpainiako, buruetakoa den.
Donostian jaio zen Mate; dirudunen zeruan bizi da egun, Suitzan. Nola ez. Glencore erraldoiaren zink eta kupre alorraren ardura dauka. Lehengai iturri dituen Afrikako meatzeetan ez dira ez langileen, ez inguruetako biztanleen, ez ingurumen eskubideak errespetatzen. Paradisu deitzen diegun zergak ez ordaintzeko zulo aurkituberri horietako batean, atal berezia daukate Glencoreren Afrikako meatzeek-eta.
Nagusien paradisuak xumeenen infernua oinarri beti, badakizue.
Ez dakit beste euskal herritarrik ba ote den 'Paradisuko paperen' artean. Ezjakintasunak berak ematen dit pribatizatutako zeru eta paradisu ororen inguruko isiltasun murruen neurria.