Laugarren astea zuekin, eta, laugarrengoz, Kataluniara begira harrapatu nauzue gaur ere. Poliziaren kargen zergatia umeei esplikatzen eman nuen joan den astea; Cara al sol kantua zer den esplikatzen ari natzaie igandetik; demokraziaren izenean faxisten agerraldi publikoak eta ereserkiak zergatik zuritzen, normalizatzen, dituzten, oraindik ez dut lortu neure buruari esplikatzea.
Azkenean, CUPekoei nazi deitzeko. Bi milioitik gora katalanen egur arteko boz baketsuak zakurraren putzaren parean uzteko. “Companysen amaiera bera izan dezake Puigdemontek”, esan zuen atzo PPko eledunak. Ez omen zen Companysen fusilaketaz ari, jakina, atxiloketaz baizik. Barre txikia ahoan. Barre txikia prentsa aretoko kazetari dezentek ere.
Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapen egunaren atarian, alde guztietatik mehatxuak. Hau idazten ari nintzela, alderdi independentistak legez kanpo uzteko aukeraz mintzatu dira irratian.
Heldu da eguna.Gaur hasiko zaizkigu esplikatzen, benetan, zer den bizikidetza batzuentzat.