Ez dakit bertsozale ote zareten; ni bai. Besteak beste, bertsolariak arrazoiak, argudioak ematera behartuta daudelako bertsoka.
Bertsolarien arrazoiekin asko akordatu naiz azken orduotan, argudio negargarri ugari entzuten ari garelako. Bata: “ETAren mehatxua desagertzea nahi dugulako, armen deuseztapena geldiarazi dugu”. Bestea: “Altsasuko zazpiei kartzelan eutsi behar zaie, gazteak direlako”. Hurrengoa: “Christine Lagardek bereak ez ziren milioika euro oparitu zizkion lagunari, zeukan ardura publikoari bizkar emanda, baina ez diogu zigorrik ezarriko, nazioartean ospea duelako”. Beste bat: “Errusiako enbaxadorea hil dute Ankaran, eta hilketa horrek ez du zerikusirik NATOk gutiziatzen duen Ekialdeko beste hainbat eremutan gertatzen ari denarekin, NATOk berak hala diolako”. Azkena: “Jaurlaritzaren txantxangorriak mokoka egin dio BERRIAri, Poziktibity kanpainak hala agintzen duelako”.
Nahi adina luza daiteke argudiorik gabeen zerrenda. Bertsolariak balira, txartzat hartuko genituzke. Eta arrazoiarekin.