Zalantza daukat gaurko erretratuarekin: badaukat Fernando Mikelarenaren bat; eta Emilio Majueloren bestea. Biak ala biak BERRIA egunkariaren gonbidapenari baiezkoa emanda hurreratu ziren atzo Oroiteria Jardunaldietara. Biak ala biak aritu ziren memoria historikoaz. Egia osoa jaso beharraz.
Biktimen izenen ondoan biktimarioen izenak paratzeko garaia badela berretsi zuen lehenak; eta 60., 70., 80. hamarkaden memoria historikoa ere jasotzen hasi behar dela bigarrenak.
Eta bai: 'continuum' bat da historia, 'continuum' bat memoria.
Bien hitzaldien ostean, memoria berreskuratzeko herri ekimenetako kideak eseri ziren bi historialariok utzitako mahaira. Belaunaldi berriak 'continuum' horretako parte sentiarazteko erronkaz aritu ziren, besteak beste. Hortxe hirugarren argazki bat.
Hirurak gordetzea erabaki dut azkenean.
Neure barne 'continuum'-erako.