Eva Braunen kuleroak erosi ditu norbaitek enkantean. 3.370 eurotan. Miresmenagatik zein arbuioagatik egin ote duen, berdin dio, perbertsio batetik abiatzen baita. Eva Braunen kuleroen balioa, izan ere, eranzten zizkion gizonak markatu du zalantzarik gabe. Adolf Hitler zen gizon hori, ezagutuko duzue akaso. Eta galdera da: zer balio izan dezake inorentzat gizateriaren aurkako kriminal baten emaztearen kuleroak eskuratzeak, kriminal hura sinbolikoki konkistatzekoa ez bada?
Berri agentziak “artea-kultura” atalean sailkatu du lili koloreko kaltzoien argazkia, eta perbertsio kolektiboaz hitz egiten hasteko gogoa ematen du.
Badakit, bai, bestelako perbertsio bat dela albiste gaurkoan. “Donald Trump ala Hillary Clinton?” galdera laster erantzungo dela eta inperioak beste enbaxadore bat izango duela bere politika konkistatzaileak globalizatzeko.
Hori ere “artea-kultura” atalean sailkatzen dugu dagoeneko. Eva Braunen kuleroekin batera.