Ipuin berdeak

Bizi naizen herrian, Muñecas izeneko zaldun bat bazen, trostarako bota luzeak jantzi, zartailua hartu eta zigorra pasieran ateratzen zuena.

Bizi naizen herrian, Itziar izeneko emakume baten semea buruz osorik ikasi nuen lehendabiziko kantuaren protagonista kolpatua bihurtu zuten.

Nerabe etorri nintzen herri honetara bizitzera, eta heldu berriko udazkenean jakin nuen kuartelekoak parrandan sesio bila irten zaleak zirela Pilarika usainean. Pixkanaka, neuk ere ikasi nuen hiru adarreko zaldunak amesgaiztoetan ikusten, ezusteko kontroletan hitz totelari eusten. Nonbaiten egongo da lantoki atarian “Alde hemendik! Utzi bakean!” oihuka ageri naizen argazkia, berdeek EUSKALDUNON EGUNKARIA prezintatu berritan.

Guztiak ekarri dizkit gogora Altsasu setiatutako goizaldeko bronkak, gertatutakoa terrorismo ekintza bihurtzeko kanpainak, ikusi berri dudan NAVARRA POR LA LIBERTAD CON LA GUARDIA CIVIL pankartak.

Ez naiz Altsasun bizi. Bizi nintekeen.

Eta hor ere, hemen bezala, zaldun berdeen ipuinen beldur nintzateke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!