Ikeako armairu zuri batean sartu du Suediak Mendebaldeko Sahararen independentzia. Nazioarteko legedia jarri du aitzakia, baina negozio funtzionala da erabat: Ikearen saltokiak Marokon ireki ahal izateko, ezinbestekoa zuen tiradera ireki, Sahara bertan sartu eta auzia ixtea, giltzari zazpi buelta emanda.
Juan Jose Ibarretxe Badator Ikea fenomenoa zioen pankartaren azpian plastikozko aulki more bat muntatu ezinean aritu zeneko irudia etorri zait burura. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakaria zen 2005 hartan.
Eta Andoni Egañak aulkiari kantatu zion urte berean:
“Aulkia gauza ona da
bila joateko,
nahiz aspaldian hemen
gu gauzkan menpeko.
Hainbat ikusteko
edo erosteko,
Ikean bai lepo,
desberdinak seko,
baina ezetz txikirik
behiak jezteko”.
Sahara jezteko aulkia badu behintzat. Eta Marokoko tronuan esertzen denari oparitu dio.