Aizue, milaka euskal herritarrek parte hartu zuten atzo Frantziako eskualde bozetako bigarren itzulian, eta boz horiek erakutsi dute, besteak beste, eskuin-muturra gero eta indartsuagoa dela, Sarkozy ez dela desagertu eta Hollande-Valls sozi-eskuinismoa horixe dela: eskuinaren sozializazioa.
Bien bitartean, Rajoyren plasmak, Riveraren post-falangismoak, Ken Sanchezen plastikismoak eta Pablo Iglesiasen mototsak kanpainan segitzen dute. Eskuinak -muturrekoak barne- Espainian aise irabaziko omen du. Eta eskuin muturra aparra bezala gora AEBetan ere, Donald Trumpekin eta Ted Cruzekin.
Eskuin Itsasoaren maila igotzen ari da Mendebalde Hurbil honetan, finean. Ekosistema neoliberal antisozialaren emaitza da. Eta horrek ere eskatzen du aldiroko goi bilera alternatibo bat. Eskuintze efektuari benetako galga ezartzeko.