Iheslariak kamioi-hozkailu batean ezkutatuta. Behinolako kolonietan berariaz piztutako gerren kiratsa erruki lurrinez estali nahi duen kontinentean. Europa: Hipokrita mamia Itaka larrutan bilduta. Afganistan, Irak, Siria, Sudan, Eritrea... mundua gerra zelai bat da, eta bat itzaltzerako beste hiruren piztuera ikus dezakegu, etxeko sofako egonaldi epelean. Afaria bukatu berri harrapatu gaitu bart Palestinak, esaterako, Osloko Akordioak hautsitzat eman dituenean; mantzalinari urrupaka geunden gerra hegazkinak Siriako zeru horiek zeharkatzen erakutsi dizkigutenean. Ez dugu hozkailurik ireki, hala ere. Ageriko eta ezkutuko gerretako iheslari klandestinoekiko beldurrak jaten gaitu. Eta gerrak irensten segitzen dugu.