Espigoi bat. Hildakoak karriatzeko auto luze horietako asko ilaran. Europako postaletan sinetsitako ehunka afrikarren azken bidaia. Lampedusa.
Asaldatzen hasi baino lehen, datu parea: 2013ko urriaren 3an, gutxienez 366 migrante ito ziren Lampedusa parean; Mare Nostrum operatiboa abiarazi zuen Italiak orduan, Mediterranioan halako gehiago gerta ez zedin. Urtebete iraun zion asmoak. Haren ordez, Uhandre operatiboa etorri zen iazko azaroarekin, Europako 21 estaturen elkarlanaren gorazarrerako.
300dik gora migrante hil berri dira Lampedusara bidean, ez Nostrum, ez Uhandre, ez ezer, gorpuz beteriko auto ilara luze bat besterik. Europaren beherazarrerako.
Asaldatzen hasi orain, nahi baduzue.