Arratsalde on, guztioi:
“Etorkizuneko Nafarroa berri baten alde”. Hori da oraingo honetan jarri diguten hizpidea ekitaldi honen antolatzaileek. Baina ezin datorrenari begiratu, ordea, iragana gogoan izan gabe; atzeak erakusten baitu, nola dantzatu aurrea.
Gizaldiz gizaldi gure herriak euskara izan du lokarri. Eta etorkizunean ere Nafarroa euskalduna izanen da, edo ez da Nafarroa izanen.
Eta badira urte luzez euskara desagerrarazten saiatu izan direnak. Asko izan dira mendez mende, eta azken hamabost urteak ere gogorrak izan dira alderdi horretatik, euskara gaixotasun kutsakortzat dutenek ahalegin ikaragarriak egin baitituzte gure hizkuntza, Nafarroako hizkuntza bereki bakarra, hedatu ez zedin, ikusezin bihur zedin.
Alferrik, ordea. Oztopoak oztopo, nekeak neke, euskaltegietan jendea euskalduntzen segitu dugu, euskarazko hedabide gehienek ere eutsi diote, ikastola eta eskoletan ume eta gazteek euskaraz ikasten jarraitu dute. Gero eta euskaldun gehiago gara Nafarroan. Gero eta euskara gehiago entzuten da bazter guztietan.
Haize kontra iraun dugu. Haizea alde izango ahal du hemendik aurrera gure hizkuntzak! Izan ere, arian-arian zulatzen omen da harria, eta badirudi horrelako zerbait gertatu dela hemen. Harria baino gogorragoa zirudien agintea zulatu eta arrakalatzen hasia dela ematen du. Eta bazen garaia!
Eta bada garaia! Bada garaia instituzioak euskararen aldeko hizkuntza politika ausarta egiten hasteko. Bada garaia erakundeek eta herritarrek batera jokatzeko, ahaleginak eta bitartekoak egoki uztartzeko, bidea elkarren ondoan egiteko. Bada garaia euskararen aldeko mugimenduak eginiko lana aitortzeko eta AEK eta IKArekiko zor historikoa kitatzeko, dirutan eta gainerakoetan. Bada garaia!
IKAn argi dugu gure herriko hizkuntzaren iraupena Euskal Herriaren esku dagoela, bertako erakundeen esku. Ez du beste herri batek edo estatu batek ziurtatuko hemengo herritarrok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea. Ez digute atzerritarrek bermatuko gure herrian gure hizkuntzan bizitzeko dugun eskubidea.
Instituzioei dagokie hiztunen bizinahia asetzea, beharrezkoak diren bitartekoak jarririk, eta herritarroi bitarteko horiek erabiltzea. Instituzioek neurriak hartu behar dituzte euskararen erabilera indartzeko, eta herritarrok bide horiek erabili euskaraz bizitzeko. Herri ekimenak eragin, bulkatu euskararen erabilera. Horrela lortuko dugu, instituzioek eta herriak elkar harturik etorkizuneko Nafarroa euskalduna. Hala izan dadila!
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Orreagako lagunei Nafarroaren Eguneko eta Euskararen Eguneko ekitaldi honetan pregoia Nafarroako AEK-k eta IKAk irakurtzea erabaki duzuelako. Esker mila!
Eskerrak 1972tik -Arturo Campion euskaltegia sortu zutenetik- gaur arte lagundu diguzuen guztioi, arnasa eman diguzuen guztioi. Zuen babesik eta bulkadarik gabe ez genuen egin dugun bidea egiterik lortuko, ez horixe! Eskerrik asko, bihotz-bihotzez!
Eskerrak bide horretan lankide, adiskide eta burkide izan zaituztegunoi. Zuen lana eta konpromisoa ezinbestekoa izan da milaka eta milaka lagun euskalduntzeko. Eskerrik anitz!
Eta eskerrak, batez ere, euskaltegietan euskara ikasi duzuen guzti-guztioi, ahalegin eder hori egin duzuenoi. Zuei bizipoza eta harrotasuna zor dizuegu euskaltegietako irakasleok, herri honen tresna xume baino ez garenok. Zuei esker izanen da Nafarroa euskalduna etorkizunean ere. Mila esker!
Beraz, badakizue, etorkizuneko Nafarroan ere euskaraz bizitzeko: Euskaraz ikas eta ari!
Gora herri euskalduna!
Gora Nafarroa!
Iruñean, 2015eko abenduaren 3an
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.