Eusko Alderdi Jeltzaleak, EAJ-k Iruñeko Baluarte jauregian omenaldia eskaini zien alderdikide gisa 25 urte egin dituzten Nafarroako emakume eta gizonei. Haien artean etxarriarrak eta altsasuarrak izan ziren. Larunbatean izan zen ekitaldian Napar Buru Batzarreko presidente Unai Hualdek esan zuenez, omendutakoak “emakume eta gizon abertzaleak, EAJren proiektuaren alde uste osoa dutenak eta konpromiso eta eskuzabaltasun paregabea erakutsi dutenak bere sasoian, eta bereziki alderdiak 80. hamarkadan bizi izan zuen eszisioarekin, EAJk Nafarroan bere errautsetatik berpiztea eragin zuten eta denborak erakutsi duen bezala, orduan eginiko apustu politikoak zuzenak izan direla ikusi dugu”.
Hualdek, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen laguntzarekin, alderdiaren intsignia jarri zieten 40tik gora alderdikideri. Azken 25 urteetan udaletan eta parlamentuan EAJko hautetsiak izan diren pertsonak ere gogoan izan zituzten ekitaldian. Ortuzarrek eta Hualdek baieztatu dutenez “denborak arrazoia eman dio EAJri demokrazian oinarritutako euskal abertzaletasuna garatzeko egin zuen apustuan”, ETAren disoluzioari erreferentzia eginez.