Jon Gondán (Geroa Bai) Zizur Nagusiko alkateak gaur aurreratu duenez Zizur Nagusiko hiru herri-guneak (Alde Zaharra, Urbanizazioa eta Ardoi) hiri garraioak loturik egongo dira 2017ko udaberrian, zehazki 15 linearen luzapenarekin (Sarasate-Ardoi) Jubilatuak-Gaztetxe geltokiraino.
Maiztasunak eta zerbitzu guztien kopurua finkatzea oraindik ixteko dagoen arren, Gondánek ziurtatu du “pauso positiboa dela, 2010 urtetik genuen arazo bati irtenbidea emanez, orduan Zizurreko hiru herri-guneak (Alde Zaharra, Ardoi eta Zizur urbanizazioa) lotzen zituen 24 linea desagertu baitzen”, eta ziurtatu du Udalak lanean jarraituko duela “epe motzera villavesa ikastetxeetaraino iritsi dadin”.
Esan beharra dago 2016an Udalak Iruñerriko Mankomunitateko hiri garraioaren arduradunekin bilera egin zuela udalerri barneko konexioei konponbidea bilatzeko helburuarekin, eta ordutik hona elkarrekin lanean egon dira antzinako eskaera honi erantzuna emateko, urte luzez erantzunik eman gabe egon baita.
“Ia 6.000 bizilagun dira Alde Zaharrean nahiz Ardoin bizi direnak eta oinarrizko zerbitzu publikoetatik urrun aurkitzen direnak, hala nola osasun etxea, polikiroldegia, udal ludoteka, ikastetxe publikoak edo Kultura Etxea. Ez zen komunikazio arazo bati konponbidea bilatzea bakarrik, baizik eta hiritar guztiak oinarrizko zerbitzuetara berdintasunez iristea lortzea”, laburbildu du Gondánek.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.